5 oct 2011

KILOMETROAK










kilometroak2011




Ikastolen mugimendua Urola bailaran 1965/66koa da, orduan hasi ziren lokalez lokal ikastola sortzen. Ordu-arteko hezkuntza zerbitzu hark ez zituen asetzen hainbat guraso eta irakasle, mugitzen hasi zirenak, ikastolen mugimendua sortzen. Urratsez urrats, hezkuntza euskalduna, euskal kultura, hezkuntza mistoa, zigorra eta bortizkeriak baztertuaz, kooperatiba sustatu zuten, gurasoek jabetzan eta gestioan parte hartuaz, gardentasunez.

1979 an ospatu ziren aurrenekoz Kilometroak Azpeitian.

Bere 30 urteko ibilbidearen ondoren 1995an Publifikazioaren bidegurutzera iritsi zen. Ikastolen mugimenduak hezkuntza sare publikoan txertatuko zituen bereak ziren hainbat berrikuntza eta baliabide, eta arrakasta handia aitortzen dio honek ikastolen mugimenduari.

Asko eman zuen orduan ikastolen mugimenduak, baina ez dena; bizirik jarraitu zuen hezkuntzaren berritzaile den eragile sozial honek. 1995-96 ikasturtean AZPEITIKO IKASTOLA IKASBERRI KOOPERATIBA sortu zen. Harrezkero, sare publikoan sartu ziren ikastolak eta lehendik sare publikoan ziren ikastetxeek ere ikastola izena darabilte euren izenetan, eta horrek ere aitortzen du ikastolaren arrakasta. Nahasmena ere sortzen du gizartean, baina bakoitzaren izaera argituz doa bidea egiten goazen heinean. Hamabost urteko bidean bigarren Kilometroak ospatzera goaz AZPEITIKO IKASTOLA IKASBERRI KOOPERATIBAn. Herrian sustraituz eta helduz doa ikastola berria, hazten ari da. Urte gutxi barru leku arazoak izango ditugu gaur egungo eraikinean, eta horregatik Kilometroak 2011 jai hau.

Azpeitiko ikastola gaur egun
Ibilbide horrek gaur egunera ekartzen gaitu, eta horrek erakusten digu bizirik dagoen hezkuntza komunitate bat dela ikastolarena Azpeitiko herrian. Gaur egun 300 familiak, 450 ikaslek eta 60 profesionalek osatzen duten proiektua da AZPEITIKO IKASTOLA IKASBERRI KOOPERATIBA. 0 urtetik hasi eta 18 urte bitarteko gazteak ditugu ibilbide hori osatzen. Haur ikastolatik hasi eta Batxilergora arteko eskaintza daukagu. Hezkuntza euskalduna, mundutik herrira doana, herritik mundura bezala, eta ikaslea ardatz duena. Etengabeko hobekuntzan eta prestakuntzan oinarritzen den hezkuntza eredua. Proiektu berriak martxan dira (IKASYS, Euskal Curriculuma, Eleanitz eta abar), baina ahaztu gabe gure sustraiak non dauden eta nondik gatozen. Ikastola parte-hartzailea gara, gurasoen, ikasleen eta profesionalen elkar-lana egunerokoa izanik. Eguneroko hezkuntza zerbitzua elkar loturik bestelako zerbitzuekin: ikasle-gurasoentzat tailerrak, Ikastolako kultur elkarte eta kirol elkarteak, jangela eta garraio zerbitzuak. Denok osatzen dugu ikastola eta denona da ikastola.

No hay comentarios:

Publicar un comentario